Astekaria


Hau IKT-ko praktika saioen astekaria izango da. Bertan klase bakoitzean egindakoa eta horri buruzko hausnarketak azalduko dira.

-LEHENENGO ASTEA-
  • 2014ko urriaren 24a: Ostirala
Gaurko klasean Blogger-en blog bat nola sortu ikasi dugu. Hasteko, gure gmail kontua erabili dugu bertara sartzeko eta, ondoren, bloga sortzera ekin diogu. Aldez aurretik pentsatutako gaiarekin zer ikusia duen titulua eta helbide bat jarri dugu. Bloga sortuta genuela, honek ematen dituen aukerak ikusten hasi gara:
  1. Sarrerak nola sortzen.
  2. Argazkiak eta bideoak sarreretara gehitzen.
  3. Etiketak jartzen.
  4. Blogaren diseinua aldatzen.
  5. Gadget-ak gehitzen.
  6. Tituluaren atzeko aldean argazkiak jartzen.
  7. Blogean orrialde desberdinak sortzen eta hauek ikustarazten.

Saio praktiko honetan gauza pilo ikasi ditudala pentsatzen dut. Nire lehenengo blog-a izan ez arren, gaur ikasitako kontzeptu ugari ez nituen ezagutzen. Azken honek, irakaslegoaren prestakuntza faltari buruz hausnartzera eraman nau. Ene iritziz, gaur egungo eskoletako irakasleek baliabide eta prestakuntza falta handia dute, eta horrek ikasgelan IKT-en erabilera urria izatera eramaten du. Hori dela eta, etorkizunera begiratu behar dugula pentsatzen dut, eta gure ikasleak eguneroko errealitatean erabiltzen dituzten baliabideak era berean eskolan erabiltzea saiatu beharko gara (ordenagailuak, tablet, sare sozialak...). Nahiz eta ikasgelan emango zaion erabilera bera ez izan, modu horretan ikasleak motibatuagoak sentituko dira eta lan egiteko grina piztuko dugula uste dut.

Bestalde, gaurko saioak blogei buruz gogoeta egitera eraman nau. Ikasgaietako gai ezberdinak jorratzeko oso tresna erabilgarria bihurtu daiteke edota interesguneak lantzeko ere. Bertan ikasleek idazkera, irakurmena eta, era berean, teknologia berrien erabilpena lantzeko aukera dute. Horrenbestez, gaurko eskolan jasotako informazioa guztiz interesantea eta baliagarria iruditu zait.


-BIGARREN ASTEA-
  • 2014ko urriaren 30a: Osteguna

Aurreko saio praktikoarekin jarraitzeko, gaurko klasearen hasieran gure ikaskideen blogen URLak hartu ditugu, gadget baten bitartez, gure blogaren portadan azaltzeko. Era horretan, klik baten bidez klasekideen blogen jarraipena egiteko aukera izango dugu.

Ondoren, feedbackari buruzko bideo bat ikusi izan dugu, zeinean arreta mantentzea zaila egin zait azpititulatuta zelako. Bideo honekin feed-ak blogean ezartzen ikasi dugu, beste webgune bateko URLa bertan itsatsiz. Era honetan, informazioa nahi dugun momentuan eskuragarri egongo da norberaren blogean.Saioarekin amaitzeko, Clocklink webguneko erloju bat jarri dugu, bertako HTMLa kopiatuz eta gadget berri batean kopiatuz. Bai klase hasieran bai amaieran, geure bloga antolatzeko tartea izan dugu eta perfila betetzeko ere. Hori dela eta, perfilari argazkia jartzeko denbora izan dut eta egindako froga guztiak ezabatu izan ditut.

Esan beharra dago, saio praktiko honekin blogaren erabileraren ikaskuntzarekin jarraitu izan dudala. Gainera, trasteatzeko denbora izan dugunez, okertzeko aukera izan dut eta, era berean, hauetatik ikasteko. Hori dela eta, guztiz baliagarria egin zait neure kabuz esperimentatzeko. Gustura ibili naiz. 
  • 2014ko urriaren 31a: Ostirala
Aste honetako azkenengo saioan, lauhilabetan lanean aritzeko taldeak sortu ditugu. Saio honetarako egin beharreko lana azaldu ondoren, informazioa biltzeari ekin diogu. Eginbeharrekoa hurrengo galdera hauei erantzutea izan da:
  1. Blogak irakaskuntzan? 
  2. Zeintzuk dira blogen ezaugarriak? 
  3. Zergaitik izan daitezke gomendagarriak eskolan erabiltzeko? 
  4. Zertarako erabili blogak hezkuntzan? 
  5. Zer blog mota topa daitezke eskolan aplikatzeko? 
Banaka bilatutako informazioa landu ondoren, taldeka bildu gara eta guztion artean galderei erantzun zehatzak ematen saiatu gara. Neure taldean hiru taldekide baino ez ginenez, erabakiak hartzeko erraztasuna izan dugu. Galderei erantzuna bilatu ostean, klase aurrean aurkezpen txiki bat egiteko, Prezi bat sortu dugu. Hasiera batean, programa berri batekin aurkezpena sortzen hasi gara, baina aukeren aldetik oso mugatuta zegoenez eta erabiltzeko zailtasunak genituenez, aldatu dugu. 

Hortaz, konturatu naiz gogor heltzen garela jada ezagutzen ditugun programa edo aplikazioetara eta akatsak izatera beldurra dugula. Amaitzeko, talde lana burutzean oso gustura eta motibatuta sentitu naizela esango dut, pentsatzen baituen lauhilabete osoan zehar banaka lan egiten egongo ginela. 


-HIRUGARREN ASTEA- 
  • 2014ko azaroaren 13a: Osteguna

Gaurko saioan Word programa erabiltzen ikasi dugu eta Egelara igo behar izan dugun ariketa bat burutu dugu. Lanak egiteko Open Office erabiltzen dudanez, gauza berriak ikasi ditut saio praktiko honetan. Hasieran, bakoitzak bere ordenagailuan eta irakaslearen azalpenekin batera, hainbat gauza ezberdin egin ditugu: letra mota aldatu, lerro edota paragrafoen arteko tartea jartzen, aurkibidea automatikoki jartzen, testuaren eskema ikusten (testuaren zatien mailak), bibliografia alfabetikoki ordenatzen...

Azalpenak jaso ondoren, binaka jarri gara eta testu bati banatutako fitxan agertzen zirenak ezartzen hasi gara. Egia esanda, ez ditugu arazo handirik izan testuari formatua ematean. Izandako arazo bakarra, iruzkina jartzean izan da, ez genuelako gogoratzen nola egiten zen. Amaitzeko, testua Egelara igo dugu. Horrenbestez, saio interesgarria izan dela pentsatzen dut, lanak egiteko beste bide baten erabilera sakonago ezagutzeko aukera eskeini baitidate.


  • 2014ko azaroaren 14a: Ostirala

Ostiral honetako saio praktikoarekin hasteko, lan taldeetan antolatu eta lanean hasi gara. Hasiera batean, talde lanean aritzean eman daitezkeen egoera ezberdinen zerrenda irakurri eta bai banakako bai taldeko hausnarketa egin dugu. Aurreko hauek irakurri ondoren eta talde handian komentatu baino lehen, bizi izan ditudan egoerak izan direla aitortu nuen. Ene iritziz, taldean lan egitea guztiz aberasgarria da, betiere, taldeko kideekin eroso bazaude eta lan egiterakoan konplizitatea baduzu. Horrela ez bada, oso esperientzia desatsegina bihur daiteke.

Klasearekin jarraitzeko, Los jetas y los pasotas izeneko testu bat irakurri dugu. Honetan, jeta edota pasota bat nola identifikatu eta zelan aurre egin azaltzen zen. Testua interesgarria iruditu zaidan arren, ez dut uste guztiz baliagarria denik. Komentatu izan dudan moduan, hainbat arazo izan ditut talde lan askotan eta oraindik, nahiz eta irtenbideak bilatu, ez dut konponbiderik aurkitu.

Saioari amaiera emateko, proiektuarekin hasi gara. Talde fitxa sortu dugu eta horrekin batera taldeko kide bakoitzari rol bat egokitu diogu. Ondoren, akta fitxa bete dugu. Azkenik, Sites bat sortu dugu eta, irakaslearen laguntzaz, orrialde ezberdinak sortu ditugu. 


-LAUGARREN ASTEA-


  • 2014ko azaroaren 20a: Osteguna

Aste honetako lehenengo saio praktiko honetan, taldeko proiektuarekin jarraitu dugu. Hasteko bigarren entregagaian burutu beharreko ariketak irakurri ditugu eta taldekideen artean lana banatzea adostu dugu. Nik IKTen erabilera sustatzeko inplikatuak dauden elementuei buruzko mapa kontzeptuala egitera ekin diot. Mapa kontzeptuala Popplet programaren bidez egin izan dut. Oso herraminta erraza dela iruditu zait, baina oinarrizko aukera asko bota izan ditut faltan, hala nola, letra mota edota letraren tamaina norberaren gustura jartzeko aukera. Horrez gain, mapa kontzeptuala agertuko den fondoa eta textuak idazteko borobilak, kolore zehatz batzuetakoak bakarrik jartzeko aukera eskaintzen du. Hala eta guztiz ere, ikasgelan erabiltzeko oso tresna erabilgarria dela uste dut.

Mapa kontzeptuala amaitzean, eta nire kideak oraindik egokitutako lanarekin jarraitzen zutenez, kronogramarekin hasi naiz. Kronograma honetan, hemendik aurrera lauhilabetean zehar burutuko ditugun lanak islatuko dira, data jarriz. Bukatu ez arren, Drivean gorde izan dugu hurrengo egunean jarraitu ahal izateko. Saioari amaiera emateko, aurreko egunean sortutako Sitean publikatu dugu taldean egindako lanak. 

  • 2014ko azaroaren 21a: Ostirala

Klase praktiko honetan, proiektuaren hirugarren entregablea egiten hasi baino lehen, bideo bat ikusi dugu. Bideoan konpetentzia digitalei buruz hitz egiten zuen, azkenengo hau trenen erabilera baino askoz gehiago dela esanez. Konpetentzia digitala hainbat azpikonpetentziaz osatuta dagoela azaltzen du: informazionala (informazioa analizatzeko, gestionatzeko eta sortzeko konpententzia), teknologiak erabiltzekoa, alfabetatze anitzak (ikonikoak, ikusentzunekoak...) eta beste batzuk. Bideoaren erdialdera esaten den esaldi bati erreferentzia eginez, konpetentzia digitalak hainbat alderdi garatzean laguntzen du eta hauek etorkizunean erantzunak aurkitzera lagunduko du.

Bideoa ikusi ondoren, hirugarren entregagaiarekin hasi gara. Berriz ere Popplet-en bitartez mapa kontzeptuala sortzea egokitu zait. Bideoan eta curriculumean agertzen den informazioarekin mapa eraikitzea lortu dugu. Hasiera batean arazoak izan ditut ez genekielako oso ondo zelan antolatu, alabaina arazoei aurre egin diegu. Mapa kontzeptuala egin ondoren, taldean bildu gara eta ateratako ideiekin hausnarketa egin dugu. Gero, lana taldeko Sitean publikatu dugu. Denbora soberan izan dugunez eta lana aurreratzeko aukerarik izan ez dugunez, Sitearen diseinua aldatzera ekin diot. Pentsatzen nuen baino errazagoa izan da, eta aukera asko ematen ditu.

Saioarekin amaitzeko, irakasleak banaka egin beharreko ariketa azaldu digu eta Delicious nola funtzionatzen duen. Ezagutzen ez nuen tresna da eta guztiz erabilgarria dela pentsatzen dut. Bertan, bilatutako link ezberdinak gordetzeko aukera ematen du eta hautan iruzkinak jartzeko ere. Honenbestez, gaurko saioan gauza berri batzuk ikasi ditudala esango dut. 

- BOSTGARREN ASTEA- 


  • 2014ko azaroaren 27a: Osteguna

Gaurko saioan Delicious-en gordetako URL helbideen edota gidan proposatutakoen artean, banakako lan moduan, bat aukeratu behar izan dugu honen azterketa egiteko. Hasteko, Teknologia berriak hezkuntzan izeneko HIK HASI-ko iritzi artikulu bat aukeratu dut eta hau irakurtzera ekin diot. Testua nahiko interesgarria iruditu zait, batez ere, idazleak irakurlea zalantzan jartzeko helburua zuelako. Artikuluan proposatzen duen galdera hurrengo hau da: Teknologia berriak sartu behar al dira ikastetxeetan? Zergatik?

Testuak gogoeta egitera bultzatu nau. Ene iritziz, ikastetxean IKTen erabileraren garrantzi handikoa da, alabaina, hauen erabilera egokia egon beharko litzateke. Gehiegizko erabilera edota erabilera ezegokia, ikasleentzat onuragarria izatetik guztiz kontrakoa izatera pasa daiteke. Hori dela eta, konpetentzia digitalei erreparatu beharko geniekela esan beharra daukat.

Azkenik, URL-en analisia egin ostean, taldean bildu gara. Taldekide bakoitzak behatutako alderdiak komentatu izan ditu. Bestalde, testuetan agertutako eta proiektua aurrera eramateko baliagarriak izan daitezkeen ideia garrantzitsuak azpimarratu ditugu. 


- SEIGARREN ASTEA-


  • 2014ko abenduaren 11a: Osteguna.

Saio praktiko honetarako, etxean aurretik lan egin behar izan dugu. Izan ere, taldekide bati fabore egiteko asmoz, proiektuaren aurkezpen data aurreratu dugu. Hori dela eta, klasera proiektua erdi hasita eraman dugu, drive-aren bitartez lan egin ondoren. Hala ere, irakaslearen azalpena entzun eta gero, egindako proposamena egokiena ez zela pentsatu dugu eta, beraz, birplanteatzera ekin diogu.

Hasiera batean, irakasgai guztietako materiala biltzeko erabiliko litzatekeen blog bat ikasle bakoitzeko sortzea pentsatu genuen. Erabilgarritasuna zaila izango zelakoan, ideia aldatu egin genuen, nahiz eta bloga erabiltzen jarraitu. Horrenbestez, IKTak erabiliz ikasleen egunerokotasunean erabilgarria izan daitekeen gai bat lantzea erabaki izan genuen. Era horretan, ikaskuntza interdiziplinarra landuko litzateke konpetentzia digitalak bereganatzen diren aldi berean.

Amaitzeko esan beharko dut saio honetan nahiko agobiatuta ibili naizela denbora aldetik estu ibili baikara. Azkenik, lana drive-aren bidez amaituko dugula esango dut, bai proiektuaren txostena eta baita aurkezpenerako PPT-a ere. 

  • 2014ko abenduaren 12: Ostirala

Saio honetan sortutako proiektuaren aurkezpena egin dugu. Aldez aurretik taldean eztabaida luzea izan dugu taldeko kide baten partaidetza dela eta. Geure iritziz azken honen inplikazioa eta egindako lana behar bestekoa ez da izan eta, beraz, taldetik kanpo gelditzea erabaki dugu. Erabakia hau hartzea ez da erraza izan, alde batetik ados jartzen ez ginelako eta, bestetik, ez dugulako inoiz inor taldetik bota. Hala ere, ondo egin dugula pentsatzen dut. Horrela, berak hausnartzeko eta geuk egindako lan guztia baloratzeko  aukera izan du ere.

Eztabaidan zehar gogora etorri zait aurreko saio batean irakurritako testu bat, Los jetas y los pasotas izenekoa. Testu honetan hauek nola identifikatu eta zer egin azaltzen zen eta, irakurtzerako momentuan guztiz baliagarria ez zela pentsatu arren, kasu honetan oinarri gisa hartu dugula pentsatzen dut. Hortaz, saio honetan asko ikasi dut, arlo akademikoan ez ezik pertsonalean ere. 


-ZAZPIGARREN ASTEA-


  • 2014ko abenduaren 18: Osteguna

Lauhilabeteko azken aste honetan gainerako taldeen aurkezpenekin jarraitu dugu eta, horrez gain, bi taldeen modulu lanak aurkeztu dira ere. Hainbat proiektu interesgarriak izan dira eta klasean aurrera eramateko nahiko sinpleak; beste batzuk, berriz, ikasgelan martxan jartzeko zailagoak ikusi ditut. Hala eta guztiz ere, oso ideia onak azaleratu dira, guztiz baliagarriak izan daitezkeenak. 


Bestalde, modulu lanen aurkezpenei erreparatuz, hauek entzutea interesgarria izan daitezkeela pentsatzen dut. Hala, ez dut uste modu honetan eta IKT-ko saioetan egin behar denik. Horregatik ideia ona izan daiteke hurrengo ikasturterako arratsalde batean biltzea guztiok guztion lanak ikusteko eta besteen lanaz ikasteko aukera izateko.

Amaitzeko, Sites-a antolatzeko denbora izan dugula ere esan beharra daukat eta taldeko ebaluaketa egiteko ere. Honenbestez, egindako lanarekin oso pozik nagoela eta saio guztietan gauza berriren bat ikasi dudala  esango dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario