jueves, 8 de enero de 2015

Adimen emozionala lantzeko ariketak

Ikasgelan adimen emozionala lantzeko hainbat ariketa aurrera eraman daitezke. Hori dela eta, sarrera honetan hauetako batzuk ikusgai izango dituzue. Lehen Hezkuntzako ikasleak oinarrizko emozioekin harremanetan jar daitezen, 25 aurpegiak izeneko ariketa bat burutu dezakete. Ariketa hau marrazkian agertzen diren pertsonaien emozioak identifikatzean eta izendatzean datza. Aurpegien kopurua murriztu edo areagotu daiteke umeen adinaren arabera, hau da, ziklo edo kurtsoaren arabera emozio batzuk edo beste batzuk erabiliko dira. Adibide gisa hurrengo argazkia uzten dizuet:

Bestalde, bideoen bitartez ere landu dezakegu inteligentzia emozionala. Era horretan IKTak ikasgelan lantzeko aukera izango dugu eta ikasleen arreta lortzea errazagoa bilakatuko litzateke. El puente izeneko bideoaren bitartez ikasleekin adimen intrapertsonala lantzeko aukera izango dugu, talde lanean aritzearen garrantzia goraipatzen dugun aldi berean. 



Enpatia, beldurra, tolerantzia, etab. lantzeko materiala behar izatekotan, hurrengo webgune honetan aurki dezakezue: 



Programazio Neuro Linguistikoa

Programazio Neuro Linguistikoa komunikazio interpertsonalaren eredu pseudozientifiko bat da, experientzia subjektiboetaz eta jarrera arrakastatsuetaz arduratzen dena. PNL-a prozesu mental bat da zeinaren bitartez zentzumenak erabiltzen ditugun mundua hautemateko eta gure jarreraren informazioa kodifikatzeko. 

Teknika hau eremu anitzetan erabili daiteke, haien artean, hezkuntzan. Horretarako, dituen etekinak ezagutzea lagungarria bilakatuko litzateke, hona hemen hauetako batzuk: 
    • Ohitura txarrak edo negatiboak positibo bihur daitezke.
    • Norbanakoak bere ekintza eta emozioak edozein egoeretan kontrolatzen ikasiko du. 
    • Gainerakoen emozioak ezagutuz, besteekiko interakzioa hobe daiteke. 
    • Motibazioa oinarria izango da teknika hau aurrera eramatean, hortaz, horrek ere jarreran eragingo du.
    • Beldurrei edota fobiei aurre egiteko aukera ematen du. 
    • Talde lanean laguntzen du. 

Esan beharra dago, Programazio Neuro Linguistikoak ahozko hizkuntza ez ezik, ez ahozkoa ere erabiltzen duela. Entzumena, usaimena, dastamena, ikusmena eta ukimenak besteen informazioa ematen digute eta, beraz, aipatutako zentzumenen erabilera desegokiak norberaren eta testuinguruaren arteko harreman desegokia sortuko du. Honenbestez, ikasleekin ez dugu bakarrik ahozko hizkuntza landu behar, baizik eta komunikatzeko dauden bide guztiak.


PNL-a zer den jakinik eta lortu ahal direnak kontuan izanik, Lehen Hezkuntzan aurrera eraman daitekeen teknika bat dela esan dezaket. Hala ere, hurrengo sarreretan adimen emozionala lantzeko ariketa desberdinak proposatuko dizkizuet.

Azkenik, hemen duzue adimen emozional maila neurtzeko test labur bat. URL honetan, informazio gehiago eskuragarri egongo da eta baita testa betetzeko aukera izango duzue ere. 

Adimen emozionala eskolan

Sarrera honi hasiera emateko hurrengo bideoa ikustea proposatzen dizuet. Bideoa katalanez dagoen arren, Youtube-k subtituluak jartzeko aukera ematen du. 


Dokumental labur hau ikusi eta gero, XXI. mendeko ikasleak XX. mendeko eskoletan hezitzen ari ditugula esan nahiko nuke. Oraindik jarraitzen dugu askoz gehiago baloratzen koefiziente intelektuala edota kontzeptuak bereganatzeko trebetasunak, garrantzi bera duten beste hainbat alderdi alde batera uzten ditugun bitartean. Ez dugu kontuan hartzen gizartea aurrera doan heinean, hezkuntzak ere aurrera joan behar duela. Hortaz, hezkuntza aldatu beharko da, eta barne hartu beharko du adimen emozionala, "no es pienso luego existo, sino siento luego existo". 

Ikus daitekeen moduan, ikasgela honetan irakasleak bultzatzen ditu ikasleak haien emozioak klase aurrean adieraztera, behartu gabe, alegia. Oso metodo interesgarria iruditzen zait eta kontuan hartu beharrekoa. Haur hezkuntzan aplikatzen den arren, Lehen Hezkuntzara ere eraman daitekeela pentsatzen dut. Gainera, inteligentzia emozionala garatzeko aukera txikitatik ematearekin guztiz ados nago. 

Adimen anitzen teoria

Howard Gardner, psikologiako zientzialaria eta Harvard unibertsitateko irakaslea, Adimen anitzen teoriaren sortzailea da. Gardnerrek inteligentzia edo adimen moduan ezagutzen zena berriz definitzera ekin zion, honako hau izan zen emandako definizio berria: adimena, eguneroko arazoei aurre egiteko eta testuinguru zehatz batean balio handiko produktuak edo zerbitzuak ekoizteko gaitasuna da. 

Adimen anitzen teoria ezagutu aurretik, gizakiok adimen mota bakar bat besterik ez genuela pentsatzen genuen. Gaur egun, aldiz, 8 adimen ezberdin ditugula jakiteko aukera dugu: 
  1. Gorputz-kinesikoa
  2. Linguistikoa
  3. Naturalista
  4. Logiko-matematikoa
  5. Ikus-espaziala
  6. Musikala
  7. Adimen intrapertsonala
  8. Adimen interpertsonala
Azkenengo bi hauek, intrapertsonala eta interpertsonala, adimen emozionalaren atal nagusienak dira. Bata norberaren emozioak kudeatzeko balio du eta, besteak, gainerako gizabanakoen sentimenduak eta emozioak ulertzeko, ekoizteko edota maneiatzeko; enpatizatzeko, alegia. Esan beharra dago guztiok adimen mota guztiak ditugula eta hauen maila ezberdina izango dela faktore genetiko edota kultura eta testuinguruaren arabera. Horrenbestez, irakasle moduan giro egoki bat sortu beharko dugu ikasleei adimen mota guztiak garatzeko aukera eskeiniz. 





Zer da adimen emozionala?

Askotan entzunda ditugu adimen emozionala garatzeak ekartzen dituen etekinak, alabaina, ba al dakigu adimen emozionala definitzen? Daniel Goleman, psikologo eta kazetaria, XX. mendean zehar hedatzen joan den kontzeptua da hau, batez ere, Emotional Intelligence  (1996) izeneko lanaren bitartez, publiko zabal batera heldu dena. Hala ere, aldez aurretik agertu den kontzeptua ere bada, hurrengo sarrera batean azalduko den Adimen Anitzen teorian, alegia. 

Adimen emozionala pertsona batek norberaren emozioak modu orekatu batean adierazteko eta bestenak ulertzeko gaitasun psikologikoen multzoa da. Eskuratzen duen informazio hori, norberaren pentsaera eta portaera baldintzatuko du. Hortaz, inteligentzia emozionalean sentimenduek eta emozioek nortasunarekin eta moralarekin lotura zuzena izango dute. Beste era batera esanda, adimen emozionala emozioak hautemateko, ulertzeko, maneiatzeko eta erabiltzeko bidea da. 

Aurreko paragrafoan esandakoa kontuan izanik, eskolan landu beharrekoa dela uste dut. Askotan pentsatzen dugu irakatsi beharko dugun gauza bakarra testuliburuetan agertzen denera mugatzen dela, eta ez da horrela. Horretarako, blog hau irakurtzen jarraitu beharko duzu, ideia berritzaileak eskuratzeko eta zeure ikasleak adimen emozionalean hezitzeko. 






Gehiago irakurri nahi izatekotan, hemen dituzue HikHasi aldizkariko bi artikulu interesgarrien URLak:

Adimen emozionala

Bloga bigarrenez martxan jartzeko eta sarrera bat emateko asmoz, bideo bat izango duzue ikusgai. Bideo honetan argi ikus daiteke zelan beharrezkoa den adimen emozionala geure ikasleekin lantzea. Haurrek etorkizunean erronka ezberdinei aurre egin behar izango diete eta, horretarako, ezinbestekoa izango da adimen emozionala garatuta izatea.

Hemendik aurrera, blogeko sarrera guztiak gai honekin zerikusia izango dute. Espero dut igotzen dudan informazioa eta materiala baliagarria izatea. Besterik gabe, hona hemen blogari sarrera emateko aukeratu dudan bideoa: